Euskaltel Encounter
A+ A A-

"Teknologiaren erabiltzaileek ziberkrimenaren biktimak izatea ekiditeko ardura handia dute"

 

 

  • Euskalteleko Informazio Teknologien Segurtasunaren arduraduna den Angel Barriok Euskal Encounterren ziurtatu du hacker maltzurren gehiengoa ez dela informatikan aditua; bere esanetan, nahikoa da interneten argitaratutako dauden hiritarren datu publikoak aztertzen jakitea
  • Adituaren aburuz, “oraindik ez gaude behar den bezala prestatuta” ziberkrimenaren arriskuari erantzuna emateko, eta azaldu du 2020an 200.000 miloi gailu egongo direla internetera konektatuta, besteak beste, kotxeak, presak, etxetresna elektronikoak eta industriak; eta horiek guztiak “hackeagarriak” direla jakinarazi du
  • Barriok sare sozialetan eta webguneetan partekatzen ditugun datuekin sortzen den alter egoaren edo 'nortasun digitalaren' arriskuak murriztearen garrantzia azpimarratu du
  • Euskal Encounterren eskainitako solasaldiak, tailerrak eta hitzaldiak oihartzun handia izaten ari dira parte-hartzaile eta bisitarien artean

 

Teknologia-erabiltzaile guztiek aurrez aurre dituzten arriskuak ezagutu behar dituzte ziberkrimenaren biktimak izatea ekiditeko. Angel Barriok, Euskalteleko Informazio Teknologien Segurtasunaren arduradunak, mugikorrak, tabletak eta ordenagailuak kontu handiz erabiltzeko aholkua eman du, eta hacker maltzurren gehiengoa informatikan aditua ez dela ziurtatu du. Bere esanetan, nahikoa da interneten argitaratutako hiritarren datu publikoak aztertzea.

Arazoak prebenitzeko eta teknologiaz ziurtasunez gozatzeko helburuarekin, 24. Euskal Encounterrean egindako hitzaldi batean, Angel Barriok gogorarazi du Interneten agerian dagoena sare osoaren %10 besterik ez dela. Internetek geruza sakonagoak eta ezkutuagoak ere baditu, eta zona horietan aritzen dira ziberdelitugileak. “Mafiak ziberkrimenarekin drogen trafikoarekin baino diru gehiago lortzen ari dira, eta ez dute haien estrategia aldatuko etekinak ateratzeko gero eta aukera gehiago dituztelako”, ohartarazi du adituak.

Barrioren esanetan, gizakion jokabidea "ezinbestekoa da aro digitaleko segurtasuna bermatzeko"; izan ere, cibereraso gehienak pertsonek egindako akatsez aprobetxatzen dira. Zentzu horretan, iragarri du 2020 urterako internet-konexiodun 200.000 milioi gailu egongo direla: taupada-markagailuak, jarduera-monitoreak, etxetresna elektronikoak, autoak, presak, ateak eta industria arloko kontrol sistemak, besteak beste. Horiek guztiak "hackeatuak izateko arriskua dute eta, zoritxarrez, ez gaude oraindik eraso horiei aurre egiteko behar bezain prestatuak", ohartarazi du Barriok.

Adituak azpimarratu du garrantzitsua dela 'nortasun digitalaren' arriskuak murriztea. Sare sozialetan eta webguneetan partekatzen ditugun datu publikoekin sortzen den alter egoa da hori. Adibide moduan, gama altuko bizikleten lapurreta aipatu du, ziklismo zaleen webgune baten gertatu dena. Erabiltzaileek euren kirol materialen argazkiak eta egin ohi dituzten ibilbideak partekatzen dituztenez, lapurrek erraz atera ahal izan dituzte euren bizilekuetako datuak bizikletak ostera joateko.

Testuinguru horretan, segurtasun arloko adituak jakinarazi du gaur egun hacker ona izateko ez dela ia informatika-ezagutzarik behar: nahikoa da iturri publiko eta erdi-publikoetako informazioa erlazionatzen jakitea. Askotan, gainera, informazio hori boluntarioko argitaratzen du biktimak. Barriok jakinarazi duenez, segurtasun bideokamerak dituzten pertsona askok ez dakite Internet bidez sartu daitekeela kamerek grabatutakoa ikustera, eta aukera horrek, horrenbestez, pribatutasuna mehatxatzen duela.

Beste teknika batzuen artean, phishing-a aipatu ditu. Xehetasun handiz aztertutako eta pertsonalizatutako korreo maltzurrak bidaltzean datza azken teknika hori, eta helburua pasahitzak lortzea da; bankuetako kontuetakoak kasu. Engainatua izan den pertsonak boluntarioki ematen ditu klabe guztiak eta, ondoren, xantaia jasan dezake, edo aurrezki guztiak galdu.

Horrez gain, nabarmendu du mundu digitala "nerabezaroan" dagoela oraindik, pertsona askok ez baitituzte interneteko segurtasun arau oinarrizkoenak ezagutzen. Egoera hori are nabarmenagoa da azken aurrerakuntzekin: errealitate areagotuko aplikazioekin, konexioa duten autoekin, adimen artifizialarekin eta 'gauzen internetarekin', arrisku ezezagun asko baitakarte.

Eta ziberdelituen biktima bagara?

Ziberdelituaren biktima izanez gero, Angel Barriok ahal bezain informazio gehien pilatzea gomendatu du: pantailari egindako argazkiak, posta elektronikoen eta deien erregistroak edo telefono fakturak, besteak beste. Hala ere, garrantzitsuena kriminala aurkitzea ahalbidetu dezaketen frogak ez aldatzea dela nabarmendu du Barriok. Hori lortzeko, erasotako aparatua berriro ez erabiltzea aholkatu du eta, posible bada, piztuta uztea edo, gutxienez, delitugileek euren aztarnak urrunetik konektatuta borra ez ditzaten SIM-txartela kentzea.

Prebentziorako neurri gisa, honakoak aholkatu ditu: kasu bakoitzarentzat espezifikoak eta sendoak diren pasahitzak erabiltzea, seguruak ez diren wifi sareetara ez konektatzea edo fidagarriak ez diren iturrietatik aplikaziorik ez deskargatzea. “Gure etxeko atea ezezagun bati irekitzea bezala izango litzateke”, laburtu du.

 

 

twitter facebook flickr youtube instagram