Euskaltel Encounter
A+ A A-

Ekintzailetza teknologikoa sustatuko du Euskal Encounter 24k

 

  • Euskalteleko eta Euskal Konekta fundazioko presidente Alberto García Erauzkinek adierazi du "gure herrialdean enplegua eta aberastasuna sortzen duten startup-en iturburu" dela Euskal Encounter
  • Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetzaren, Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearen zuzendari Aitor Urzelaik parte-hartzaileak animatu ditu “euren ezagutzak gizartearen eta enpresen esku” jartzera
  • Bizkaiko Foru Aldundiko Administrazioaren Modernizaziorako zuzendari Urko Goitiak iritzi du Euskal Encounter modernizaziorako, ezagutzak trukatzeko eta arlo publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlanerako gune garrantzitsua dela
  • Euskalteleko Harreman Instituzionalen eta Euskaltel Konekta fundazioaren zuzendari Nerea Lupardok Euskal Encounterren konektibitate "izugarria" azpimarratu du, abiadura horrek munduko bilkura azkarrenen artean kokatzen baitu euskal hitzordu teknologikoa
  • Informatika topaketa handia gaurtik uztailaren 25era arte egongo da martxan, eta 200 jarduera eta lehiaketa baino gehiago eskainiko ditu software librea, hardwarea, arte digitala eta bideo-jokoak bezalako arloen inguruan 

Euskal Encounter 24 topaketak ekintzailetza teknologikoaren aldeko apustu nabarmena egingo du aurten, startup-ei bultzada eman eta ekintzaileei formakuntza eskaintzeko asmoz.  Euskalteleko eta Euskal Konekta fundazioko presidente Alberto García Erauzkinen aburuz, "gure herrialdean enplegua eta aberastasuna sortzen duten startup-en iturburu" da Euskal Encounter. Horrela adierazi du Euskalteleko arduradunak gaurtik uztailaren 25era arte martxan egongo den informatika-bilkuraren inaugurazioan, Barakaldoko BECen. Euskaltelek, Eusko Jaurlaritzak (SPRIren bitartez) eta Bizkaiko Foru Aldundiak babesten dute partya. 

Aurten, The Lab izeneko gune berria egongo da, merkatuan finkatzea lortu duten arlo teknologikoko enpresak ezagutarazteko eta ekintzaileei edo negozio-ideia berria duten gazteei aholkularitza emateko. Gainera, Hackathon ekimenaren bidez formakuntza jasoko dute euren enpresa-ekimenak gauzatu nahi dituzten dozena bat pertsonek. Halaber, bi lehiaketa izango dira: bata, startup onena aukeratzeko eta, bestea, 48 ordutako epean sortutako enpresa berri hoberena saritzeko. 

120 kilometroko sare-kablea eta 4.608 ordenagailu-jarleku dituen muntaia tekniko ikusgarriaz gain, segundoko 40 Gb-eko konexio-abiadura itzela izango da. Euskalteleko Harreman Instituzionalen eta Euskaltel Konekta fundazioaren zuzendari Nerea Lupardok konektibitate "izugarria" azpimarratu du, abiadura horrek munduko bilkura azkarrenen artean kokatzen baitu euskal hitzordu teknologikoa.

Euskalteleko arduradunak partyra gerturatzera gonbidatu ditu herritarrak; izan ere, aurten, publiko orokorrari zuzendutako gunea ordenagailuen zonan barneratu dute. Horrela, bisitariek jai giroan murgiltzeko aukera izango dute, 30 hitzaldietan parte hartzeaz eta produktu teknologikoen standak bisitatzeaz aparte.

Aitor Urzelaik, Ekintzailetzaren, Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearen Eusko Jaurlaritzako zuzendariak, Euskal Encounterrek duen izaera berritzaile eta ekintzailea goraipatu du, eta partya ideien eta enpresa-ekimen berrien mintegi bihurtzea txalotu du. Halaber, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak parte-hartzaileei lau egun hauez ahal bezainbeste goza dezaten opa die, eta “euren ezagutzak gizartearen eta enpresen esku” jartzera animatu ditu. 

Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiko Administrazioaren Modernizaziorako zuzendari Urko Goitiak azaldu du Euskal Encounter modernizaziorako, ezagutzak trukatzeko eta arlo publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlanerako gune garrantzitsua dela. Goitiaren esanetan, gainera, Europa mailan erreferentziazkoa den bilkura honek “garrantzia teknologiko berezia duen lurralde gisa” kokatzen du Bizkaia. 

Informatika eta teknologia berrien 6.000 zale eta milaka bisitari elkartuko ditu euskal topaketak.  Espainiar Estatuko party handiena eta Europako bigarrena den honek 200 jarduera eta lehiaketa baino gehiago eskainiko ditu software librea, hardwarea, arte digitala eta bideo-jokoak bezalako arloen inguruan.

twitter facebook flickr youtube instagram