Euskaltel Encounter
A+ A A-

Historiako Euskal Encounter “ikusgarriena” hasiko da bihar

 

 

  • Espainiako party-rik handiena eta Europako bigarrena den Euskal Encounterrek, teknologia berrien zaleak biltzen dituen makrofestak, iazko marka gaindituko du 4.608 ordenagailurekin, eta milaka bisitari izango ditu lau egunetan zehar
  • Euskal topaketa teknologikoak munduko Internet-konexiorik azkarrenetarikoa du, segundoko 40 Gb-ekoa, eta 200 ekintza eta lehiaketa baino gehiago hartuko ditu barne, software librearekin, arte digitalarekin, hardwarearekin eta bideo-jokoekin erlazionatuta
  • Barakaldoko BECean egingo den bilkurak formakuntzaren eta ekintzailetzaren aldeko apustua indarberritu du: publiko orokorrarentzako 30 hitzaldi eta solasaldi baino gehiago eskainiko ditu, startup-entzako lehiaketa egongo da eta negozio-ekimen berriak aurkezteko eta ekintzaile teknologikoei aholkularitza emateko gunea izango da
  • Bilkura Euskaltel Konekta fundazioak antolatu du, pertsonen, enpresen eta ekimenen arteko konexioa sortu eta sustatzeko, IKTen erabileraren testuinguruaren barnean. Gainera, Euskal Encounter Eusko Jaurlaritzak, SPRI-ren bitartez, eta Bizkaiko Foru Aldundiak babesten dute.

 

Bihar hasiko da, Barakaldoko BECen, historiako Euskal Encounter “ikusgarriena”, Euskaltel Konekta fundazioaren arduradun eta bilkura teknologikoaren zuzendari Sabino San Vicenteren aburuz. Espainiako informatika-party handiena eta Europako bigarrena den topaketak milaka parte-hartzaile eta 4.608 ordenagailu bilduko ditu hurrengo astelehenera arte.

Euskal festa teknologikoak 200 jarduera eta lehiaketa baino gehiago hartuko ditu barne, software librea, arte digitala, hardwarea eta bideo-jokoak bezalako gaien inguruan. Horretaz aparte, aisialdirako ekintzen programa zabala izango da, parte-hartzaileek gozatu, ikasi eta elkarren artean kolaboratzeko. Nerea Lupardok, Euskaltel Konektako zuzendariak, Euskaltelek eskaitzen duen segundoko 40 Gb-eko konektagarritasun “ikaragarria” azpimarratu du, eta party-ak bultzatzen dituen balioak –garapen eta ekintzailetasun teknologikoa, IKTen bultzada eta demokratizazioa, sormena eta lankidetza- fundazioaren beraren helburuekin bat egiten duela adierazi du.

2015ean konexio-abiadura bikoiztu eta munduko ekitaldi azkarrenen artean kokatu den Euskal Encounterrek hazten jarraitzen du eta, San Vicentek gaur Bilbon egindako prentsaurrekoan adierazi duenez, “Europako party-rik handiena” bilakatzeko asmoa du. 24 urteotan, Euskal Encounterrek Espainiako eta Europako milaka parte-hartzaile hartu ditu eta, urtetik urtera, gero eta bizkorrago agortu dira sarrerak. Hain zuzen, aurtengo leloak, ‘Growing communities’, gizarteak mundu digitalaren inguruan duen interes hazkorrari egiten dio erreferentzia. Ekitaldiaren arduradunaren hitzetan, “euskal party-ak interes eta ezagutza desberdinak dituzten Interneten sortutako gero eta komunitate gehiago biltzen ditu”.

Hain diziplina desberdinak elkartzen dituen topaketak ezagutzak trukatzeko giroa sortzen du eta arlo anitzetako profesionalen artean kolaboratzeko aukera ematen du. Beste ekimen batzuen artean, Hackathon lehiaketa burutuko da, eta bi sari banatuko ditu: bata, startup onenari eta, bestea, 48 ordutako epean sortutako enpresa berri hoberenari. Bestalde, The Lab izeneko gune berria egongo da, merkatuan finkatzea lortu duten arlo teknologikoko enpresak ezagutarazteko eta ekintzaileei edo negozio-ideia berria duten gazteei aholkularitza emateko. Gainera, The Lab espazioak teknologia berrien alorreko berrikuntzak aurkeztu nahi ditu, baita diziplina desberdinetako profesionalen arteko networking-a sustatu ere, ideia berriak sortze aldera.

Hurrengo urteetan bultzatzea aurreikusten den espazio hori Opengunean kokatuko da: nobedade moduan, BECeko bosgarren pabiloiaren barnean izango da, bisitariak 6.000 parte-hartzaileen eta 4.608 ordenagailuen gunean integratzeko. Opengunen doako 30 prestakuntza-saio izango dira, publiko orokorrari zuzenduak eta gai anitzen inguruan: Interneteko segurtasuna eta pribatutasuna, robotika, errealitate areagotua eta bideo-jokoak, besteren artean.

Prestakuntzari dagokionez, eskaintza zabala eta “oso espezifikoa” izango da “euren negozioa ingurune teknologikoan garatu nahi dutenek baliabideak izan ditzaten” SPRIk antolatutako ikastaroei esker. Horrela adierazi du sozietate publikoaren Berrikuntza eta Teknologia departamentuko zuzendari Aitor Cobanerak. SPRI Euskal Encounterren babeslea da Euskaltelekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera.

Horrez gain, Opengunean teknologia-produktuen hainbat stand egongo dira, baita bideo-jokoen gunea, euren sormen birtualak gauzatu nahi dituztenentzako 3D inprimagailu-granja, baita errealitate birtuala eta handitua baliatzen duten betaurreko berrienak probatzeko zona ere. 

twitter facebook flickr youtube instagram