Euskaltel Encounter

Albisteak

A+ A A-

“Gizarte oso baten jarrerak moldatu ditzakete bideo-joko serioek"

 

  • Flying Dodos enpresako gerente eta zuzendari Jorge Fuentek uste du gizakiak bizitza osoan zehar jolasten duela "mesede egiten diolako; ez bakarrik ondo pasatzen duelako baizik eta baita horien bitartez ikasi egiten duelako ere"
  • 'Serious games' izenekoek "harrapatu eta konbentzitu egiten gaituzte, modu desberdinean komunikatzen dute, mezuak biralizatzen dituzte eta beste metodo batzuek baino askoz gehiago irakasten digute", jakinarazi du adituak
  • Hackathon lehiaketan, honako proiektuak izan dira garaile: interneteko erabiltzaileak zaletasunen arabera konektatzen dituen aplikazio bat eta pixoihal adimendunen prototipoa

Jokoa aldaketarako erreminta eta jokabide nahiz sinesmen sozialak aldatzeko motorra dela uste du Jorge Fuentek, Flying Dodos enpresako gerente eta zuzendariak. Bideo-joko serioak "gizarteko jarrerak eta ideiak moldatzeko modu onena" direla baieztatu du aditu honek, eta gizakiak bizitza osoan zehar jolasten duela esan du; izan ere, "onuragarria da beretzat, ez soilik ondo pasatzen duelako baizik eta horien bitartez ikasi egiten duelako".

Euskal Encounter topaketan eskainitako hitzaldi batean, Jorgen Fuentek gamifikazioa eta 'serious games' deritzonak desberdindu ditu. Azken horiek jokoak dira beti, eta gamifikazioa, berriz, ludikoak ez diren ingurune eta aplikazioetan jolas-mekanikak barneratzean datza. Fuenteren esanetan, 'serious game' izenekoek "harrapatu eta konbentzitu egiten gaituzte, modu desberdinean komunikatzen dute, mezuak biralizatzen dituzte eta beste metodo batzuek baino askoz gehiago irakasten digute". Flying Dodos enpresan GKEentzako jokoak lantzen dituzte espezifikoki.

 Adituaren hitzetan, buruak alboratzen duena, joko bezala planteatuz gero, esperimentaziorako eta ikuspegiak zabaltzeko ateak ireki ditzake. "Jolasten ari zarenean errazago barneratzen dituzu ideia berriak", azpimarratu du Fuentek. 'Fikzio-itun' bezala ezagutzen dugu hori, eta filmak ikusterakoan edo liburuak irakurtzerakoan ere gertatzen da: "badakizu sufritzen ari den hori, edo pozik edo estresatua dagoena, egiaz aktorea edo pertsonaia literarioa dela; baina arrazionaltasuna alde batera uzten duzu pertsonaiaren sentimenduekin bat egiteko. Jokoekin gauza bera gertatzen da".

 Espainian, bideo-jokoen garapenean diharduten 400 enpresen erdiak sortu du noizbait joko serioren bat, edo gamifikazioa aplikatu du proiekturen batean. Hala diote White Paper on Video Game Developement in Spain 2015 txostenean jasotako datuek. Gainera, lan-aukeren iturri bilakatzen ari dira, eta sektorea urtero %28 hazteko aurreikuspena dago. Enpresa edo GKE batek 'serious game' bat enkargatzea lortzen badute, "urtebete baino denbora laburragoan beste bat eskatzen" dietela egiaztatu dute Flying Dodos enpresan.

 Fuenteren iritziz, joko serioak, garapen aldetik, fase egonkorrean daude, baina erakundeetan gehiago zabaldu behar direla uste du. Munduan, 2020 urterako, sektore honek 5.500 milioi dolar mugituko dituela estimatzen da, eta 2015tik eta 2020ra bitartean, urtetik urtera %16 haztea espero da.

 

Relevo, erreferentziazko enpresa entretenimenduaren sektorean

Bilboko Relevo enpresa erreferentziazkoa bilakatu da entretenimendurako bideo-jokoen sektorean. 2014 urtean lehen euskal estudioa izan zen Play Station egiaztagiria lortzen, eta, zazpi urte geroago, enpresaren zuzendari eta fundatzaile Jon Cortazarrek Euskal Encounterren hitzaldia aurkeztu du munduko bideo-joko feria handiena den E3tik bueltan.

 Euskal Encounterreko ohiko parte-hartzaile den Cortazarrek uste du partya “mundu digitaleko pertsona sortzaileen haztegia” dela. Konkretuki, Relevo enpresako fundatzailea, Retroeuskal gunearen zalea da. Retroinformatikaren espazioan, 8 biteko bideo-jokoen inguruan duen zaletasuna partekatu izan du, eta Spectrum eta MSX ordenagailuentzat egindako lanak aurkeztu ditu. Bideo-joko retro horietako batzuk “advergames” motako jokoak ziren, publizitatea egiteko helburuarekin sortuak. Joko txiki horiek “mezua era atsegin, elkarreragile eta dibertigarrian komunikatzeko erabilgarriak” dira, Cortazarren hitzetan, eta erabiltzailea fidalizatzea eta markaren irudia hobetzea lortzen dute.

 Azken produkzioak, 'Mindtaker', ez du zerikusirik Cortazarrek hasieran egiten zituen bideo-joko retroekin. Play Station 4rako salduko den beldurrezko jokoa da, eta “istorioaren originaltasunagatik eta jokalaria harritzen duen joko-mekanikarengatik” nabarmentzen da.

 

Pixoihal adimendunak, Hackathonean garaile 
 
Hobbiespot proiektuak startup-en Hackathona irabazi du, Euskal Encounterren erabiltzaileak erakartzeko kanpainari esker. Duela urtebete Roberto Salcines bilbotarrak sortutako aplikazioak internautak haien hobbyen arabera biltzeko helburua du.  BECeko bilkuran zehar, Hobbiespotek ekintza desberdinak jarri ditu martxan parte-hartzaileek aplikazioa deskargatu dezaten; hala nola lehiaketak antolatzea eta krispetak doan banatzea. Saria 1.000 euroko publizitate kanpaina da, sareen bidez erabiltzaile berriak erakartzeko.
 

Bestalde, David Primo ekintzailearen taldeak 1.000 euroko saria jaso du Gauzen Internetaren proiekturik hoberena aurkezteagatik. Haren proiektua pixoihal adimendunen prototipoa da, eta sentsoreen bidez pixoihala noiz aldatu behar den ohartarazten du. Saria proiektua gauzatzera bideratuko da.


 Epaimahaiak beste ideia batzuk ere aintzat hartu ditu: haien artean, erabiltzaileak egin nahi duen bidaiaren arabera, maletan zer sartzea falta den abisatzen duen aplikazioa; elkarren artean lotuta dauden makinetan ezartzeko zibersegurtasun sistema eta turistei informazioa emateko sentsoreak.

twitter facebook flickr youtube instagram