Euskaltel Encounter

Albisteak

A+ A A-

“Pokémon Go! jokoaren boomaz aparte, hezkuntza da errealitate areagotuaren merkatu-nitxo naturala”

 

  • CreativiTIC enpresako fundatzaile Jorge R. López Benitok uste du Nintendoren jokoak munduan izan duen arrakastak bultzada erraldoia eman diola jada merkatuan urte batzuk badaramatzan teknologiari
  • Euskal Encounterreko hitzaldiek azken berritasun teknologikoak hurbiltzen dizkiete parte-hartzaileei
  • Hackthon ekimenak prestakuntza-ekintzak eskaintzen ari da ekintzaile teknologikoei, eta proiektuen inguruan ideiak elkarbanatzeko aukera ematen du

Gure etorkizun hurbilean hezkuntza, marketina edo osasuna bezalako arloetan nabarituko ditugu errealitate areagotuaren aurrerapenak. Pokémon Go! jokoaren arrakastak hainbat urtetan zehar garatzen joan den teknologiari bultzada eman dio. Jorge R López Benito adituak hala azaldu du Euskal Encounterren bigarren jardunaldian, eta teknologia honek heldutasun puntua lortu duela adierazi du. 

 

Hizlariak “Nintendori eta Google-i eskerrak” eman dizkie, “munduari errealitate areagotuaren begiak irekitzeagatik”. Pokémon aplikazioak eta Google Glass-ek proiektu asko errealitate bihurtzen lagun dezakete, behin teknologia horren erabilera smartphonetan zabalduta dagoela. “Orain une egokia da berrikuntza horiek Euskal Encounter bezalako lekuetatik atera eta jendarteratzeko”, gehitu du López Benitok, eta telefono mugikorren garrantzia goraipatu du: gailu hori "gure iraultza da; gaur errealitate areagotua erabili dezakezu hogei euroko betaurrekoekin eta ia edozein telefonorekin”.   

 

CreativiTIC enpresaren sortzaileak adierazi du errealitate birtuala errealitate erabat desberdinak birsortzean datzala. Bestalde, errealitate areagotuak errealitate objektiboaren gainean elementu birtualak gainjartzen ditu. Modu horretan, elementu erreal eta konplexuak ulergarriago bilakatzen dira elementu birtualen bidez azalduta. “Azken urteotan arlo honetan garapen oso garrantzitsua izan da”, baina ez bideo-jokoen kasuan bakarrik, baizik eta baita heziketa edo osasuna bezalako eremu garrantzitsuetan ere.

 

“Azken hiru asteotan, mundua ero moduan dabil: duela urte gutxi errealitate areagotuko app-ak erabiltzearen ideiari buruz hitz egiten genuen, eta ez zela erabiliko esaten zidaten; begira orain zer nolako aldaketa gertatu den”, azaldu du adituak, teknologiek ere gizarteratzeko denbora behar dutela argitzeko. “Pokémon Go! alde batera utzita, hezkuntza da errealitate areagotuaren nitxo naturala”, azpimarratu du. 

 

“Egunotan dirudi Pokémon Go!-ra jolasten ez baduzu eta errealitate areagotuaren berri ez baduzu, ez zarela inor”, gehitu du López Benitok. Euskal Encounterren eskainitako hitzaldian gogorarazi du joko horrek, beste guztiek bezala, iraunkortasun mugatua izango duela. Arrazoi horregatik, “iraupen mugagabea duten eta pertsona askorengana helduko diren erabileren aldeko apustua” egiteko eskatu die López Benitok Euskal Encounterren dauden profesional eta parte-hartzaileei. Adibidez, autismoa duten umeei egokitutako hezkuntza-materialak sortzeko ideia eman du, errealitate areagotuarekin haur horiek komunikatzeko dituzten oztopoak ezabatzeko aukera dagoelako. 

 

Errealitate areagotuaren eztanda hainbat faktoreen emaitza da, adituaren aburuz: besteren artean, gaur egungo irudien kalitate altua eta teknikoki ahalmen handia duten telefono mugikorrak eskuratzeko aukera zabala. Hala ere, badira teknologiaren prezioarekin, konexio eta geolokalizazio beharrekin eta baterien gastuarekin erlazionatutako hainbat arazo. 

 

Aldi berean, López Benitok errealitate areagotuaren arazo garrantzitsuenetariko bat estandarizazioa dela azpimarratu du, edukiak eskuragarri izatea erraztu behar delako. Gaur egun, eduki desberdinentzat aplikazio diferenteak behar dira, baina egokiena sistema guztiak batzea litzatekeela defendatu du adituak, enpresen akordioen bidez eskuragarritasun unibertsala bermatzeko.  

 

Teknologia-berrikuntza eta negozio aukerak 

 

Euskal Encounterren ekintzailetza sustatzeko antolatutako ekimenetan pertsona ugarik hartu dute parte, bi egunetan zehar, ezagutzak partekatu eta euren proiektuak ezagutarazteko. Guztira, ehunka pertsonek hartu dute parte teknologiari buruzko hitzaldi eta tailerretan. 

 

Ildo beretik, Hackathon ekimenak ekintzaile teknologiei zuzendutako formakuntza-saioak hartu ditu barne, eta proiektu berritzaileen inguruko hartu-emana izan dute partaideek. Gai ezberdin ugari landu dira bertan: turisten esperientzia errazteko proiektua, haur eta agureen zaintza hobetzeko aplikazioa, baita hirien jasangarritasuna hobetzeko ideiak ere. 

 

Bideo-jokoak negozio eredu erakargarri bihurtu direla frogatu dute partyan. Euren azken produktuak gamerrei aurkeztera etorri diren bideo-joko enpresa handiak nahiz jokoak merkaturatu aurretik frogatze prozesuan dauden konpainia txikiak bildu ditu festa informatikoak. Bost lagunek osatu duten Pixel Cream espainiar enpresa da horren adibide. Mugikorrentzako aplikazioak sortzen lan egin duten eta Estatuko lurralde ezberdinetatik datozen bazkideek jadanik sariak jaso dituen 'Way of Redemption' bideo-jokoa garatzen ari dira duela urte eta erdi.

twitter facebook flickr youtube instagram