ArduPrintBot taillerra
“Printbot”ak robot inprimagarri eta libreak dira. Horrek esan nahi du diseinuak partekatzen dituen komunitate bat dagoela eta edonork egin ditzakeela robotok, 3Dko inprimagailu arrunt bat erabiliz. Hezkuntza-proiektu erraz, osatu eta merkeak garatzeko balio dute askotan.
HIRIKILABS Tabakalerak EK23rako antolatu duen tailer honetan, zenbait robot-modelo eta -pieza egingo ditugu, ikusteko nolako aukerak ematen dituzten, bai ludikoak, bai hezkuntzan aplikatzekoak. Halaber, sarrera teoriko labur bat ere egingo dugu, 3Dko fabrikazioko teknologiari buruzkoa eta informazioa aurkitzeko plataforma eta biltegiei buruzkoa, informazio hori beharrezkoa baita proiektua garatzeko.
PrintBot roboten bi modelo egingo ditugu, biak libreak, inprimagarriak eta hezkuntzara bideratuak. Robotok egiteko eta erabiltzeko informazioa guztion eskura dago, eta, beraz, edonork azter, kopiatu, alda eta fabrikatu ditzake. Gainera, software librea bakarrik erabili da diseinuan: Sistema eragilea: GNU-Linux, OpenScad eta Freecad. Horri esker, diseinu deribatuak egin daitezke lizentziarik ordaindu beharrik gabe edo software pribatiboaren kopia ilegalak egin beharrik gabe.
Robotak inprimatu ondoren, adimendun bihurtuko ditugu Arduino plataformaren bidez motorizazio- eta sentsorizazio-sistema bat integratuz; plaka elektroniko libre bat da Arduino plataforma, software eta hardware guztiz libreko proiektuak sortzeko aukera ematen duena.
Ostegun goizean, bi modelo eraikiko dituzte parte-hartzaileek, bi lantaldetan banatuta. Eta gero, lehian arituko dira biak labirinto batean. Horrez gainera, parte-hartzaileentzako sorpresa eta opari batzuk ere izango dira.
Programa – Hilak 24, ostirala (10etatik 14etara)
- Osagaien eta beste DIY proiektu batzuen aurkezpena (15 min)
- Hardware libreko 3D inprimagailuen bidezko 3D inprimaketa: sarrera (30 min)
- Arduino plataformari buruzko sarrera: sentsoreak eta eragingailuak (1 h)
- Roboten hardwarea muntatzea (30 min)
- Ekipoen programazio librea, Arduino plataforma erabiliz (1 h)
- Robotak labirintoan probatzea, eta softwareari buruzko feedbacka (45 min)
Erreferentzia: http://www.tabakalera.eu/programa/hirikikas-robot-inprimagarriak/