A+ A A-

6.700 parte-hartzailerekin, 3 milioi gigako informazio elkartrukearekin eta datorren urtean hazteko asmoarekin amaitu da Euskal Encounter

 

  • Lau eguneko bilkuran 3 milioi giga mugitu dituzte bertaratuek, egunotako jarduera itzelaren seinale
  • 4.096 ordenagailu-postuez eta 2.600 sarrera gehigarriez gain, milaka pertsona gerturatu dira Opengunera, publikoari irekitako zonara. 52 hitzaldi eta tailer izan dira bertan
  • Euskaltel Konektako arduradun eta topaketaren antolatzaile Sabino San Vicentek adierazi du aurtengo festa "erabateko arrakasta" izan dela, eta datorren urterako jarleku kopurua handitzeko asmoa dagoela jakinarazi du
  • Segundoko 40 Gb-eko konexio-abiadurak eta parte-hartze maila altuak munduko lan-party garrantzitsuenen artean kokatu dute Euskal Encounter
  • Hitzordu teknologiko handia Euskaltel Konekta Fundazioak antolatu eta babestu du, Eusko Jaurlaritzaren (SPRIren bidez) eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz

 

Amaierara iristear dago Euskal Encounter 23, 6.700 zale bildu dituen informatikaren eta teknologia berrien topaketa. Zaleek izen-emate epea ireki eta sei minutura erreserbatu zituzten 4.096 ordenagailu-postuez gain, 2.600 sarrera gehiago banatu dira lau egunotan. Arduradunek "erabateko arrakasta" izan dela adierazi dute, eta datorren urterako jarleku eskaintza zabaltzea aztertzen ari direla iragarri dute. Sarrerarik lortu ez duten zaletuei erantzuna ematea da helburua.

Lau jardunaldietan izandako informazio elkartruke handiaren adierazle da sarean mugitutako datuen zifra: 3 milioi giga baino gehiago. Segundoko 40 Gb-eko konexio-abiadurari esker, 5.200 gailu ezberdin konektatu ahal izan dira munduko lan-party azkarrenen artean dagoen bilkura honetan.

Euskaltel Konekta Fundazioak antolatu eta babestu du teknologia-partya, Eusko Jaurlaritzaren (SPRIren bidez) eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz, eta inoiz baino jarduera eskaintza handiagoa aurkeztu du: 52 tailer eta hitzaldi eta 73 txapelketa. Arte digital, software libre, hardware eta bideojoko alorretan ondo pasatzeko eta lehiatzeko aukera izan dute partaideek, baita ikasteko, ezagutzak partekatzeko eta esparru anitzetan dituzten abileziak erakusteko ere. Esaterako, segurtasun informatikoa, robotika edota enpresa eta partikularrei zuzendutako gailu eta aplikazioen diseinua bezalako gaiak landu ahal izan dituzte.

DATORREN URTEAN HAZTEKO HELBURUA

Sabino San Vicentek, Euskaltel Konektako arduradun eta ekimenaren antolatzaileak, topaketaren balorazio oso positiboa egin du. Aipatu du “oso pozik eta harro” daudela, eta nabarmendu nahi izan du “arrakasta ekimenaren atzean dagoen gizataldearen lanari esker” izan dela. San Vicentek 6.700 parte-hartzaileak ere zoriondu nahi izan ditu beren leialtasunagatik eta izan duten jokabideagatik; izan ere, aurten ere “partaideen gizatasun eta lankidetza” argia izan da.

Datorren urtera begira, eserleku kopurua handitzeko aukera aztertzen ari direla ere onartu du, eskaintzen diren 4.096 jarlekuak gero eta azkarrago agortzen baitira. Aurten, 1.500 pertsonatik gorako itxarote-zerrenda sortu da minutu gutxitan, eta horrek agerian utzi du zaletuen artean Euskal Encounter topaketak indar handia duela. “Hurrengo urterako ordenagailu-postu gehiago eskaintzeko formulak aztertzen ari gara, eta baikorrak gara”, iragarri du arduradunak.

twitter facebook flickr youtube