A+ A A-

3D inprimagailuak protesien fabrikazioen iraultza eragin du

3D inprimagailuek azken urteotan izan duten izugarrizko garapenak proiektu solidarioak sortzeko aukera eman du, esaterako medikuntzaren eta protesien fabrikazioaren alorretan. Gainera, hezkuntza-arlotik gero eta gehiago bultzatzen ari dira horrelako ekimenetan parte hartzea. Hala adierazi du Carlos Lizarbe de Luisek, IEFPS Don Bosco-ko elektronika saileko nagusi eta Ikaslab-eko 3D inprimatze arloko arduradunak Euskal Encounter 23 topaketan.

Hiru dimentsiotan inprimatutako esku robotikoak sortzeko helburuarekin, 2011n Hegoafrikan sortutako “Robohand” proiektuaren harira, asmo bereko nazioarteko kooperazio programak hedatzen hasi dira: esku protesikoak sortzea gatazka armatuen edota pertsonen aurkako minen erruz anputazioak izan dituzten biktimentzat (“Project Daniel”, Sudanen), lan istripuak edo jaiotzatiko malformazioak izan dituztenentzat. Ekipamendu elektrikorik edota elektronikorik behar ez dituzten gorputz-adarrak dira; horrela, erabiltzaileek eurek konpon ditzakete. Kontuan izan behar da protesi gehienak baliabide gutxiko herri afrikarretan edo hegoamerikarretan amaitzen dutela; beraz, gero eta sinpleagoa izan, orduan eta praktikoagoa.

Diseinuak posta elektronikoz bidali ahal izateak, kooperazio eredu honen arrakasta ahalbidetzen du. Horrela, protesiak berehala inprima daitezke eta oso merke, koste baxuko plastikoz eginak baitaude. Gaur egun, Lizarbe eta bere ikasleak parte hartzen ari diren Nable proiektuaren bidez, esku artifizialak behar dituztenak protesien diseinatzaileekin eta 3D inprimagailuak dituztenekin harremanetan jartzen dituzte. Gehienetan, e-Nable proiektuan parte hartzen duen boluntario komunitatea eta laguntza eskatzen dutenen arteko distantzia milaka kilometrokoa izaten da.

Gutenberg 3D proiektua Don Bosco institutuak jarri zuen martxan, Estatuko beste hiru zentrorekin batera, eta e-Nable egitasmoaren barne dago. Lan solidarioetan laguntzeaz gain, “ikasleen ikaskuntza hobetu” nahi du eta, aldi berean, “besteei laguntzeko ilusioa sortu”. Lizarbek zuzentzen duen Ikaslab 3D inprimatze laborategiak hartzaileen bizitza erabat aldatu du; izan ere, protesiari esker, lehen ezinezkoa zitzaiena egiteko gai dira, elikatzea edota objektuak hartzea, esaterako. Behatzak ixteko aukera ematen zuen eredu erraz batetik, tenkatzaile sistema eta hari muntai baten bidez, “flexi-hand” eredu konplexuago batera pasa dira, elastikoagoa eta errealistagoa, eta estaldura landuagoa duena. Ikerkuntza-laborategiak antolatutako azken ekimenean, eredu bereko hamar esku protesiko egin zituzten lau ordutan.

Euskaltel Gaztea Kopa

Euskal Encounterren, Euskaltel Konekta Fundazioak antolatu eta babestutakoa, Eusko Jaurlaritzaren (SPRIren bidez) eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz, jokatutako Euskaltel Gaztea Koparen finalean, atzo, Real Sociedad futbol taldearen ordezkari moduan jokatu zuen ekipoak 7-0 irabazi zion Athletic-eko taldeari. FIFA 15 bideojokoaren inguruan gauzatutako norgehiagokako parte-hartzaileek euren futbol talde gogokoenaren koloreak defendatu zituzten, Futbol Liga Profesionaleko lehen eta bigarren mailakoak. Partyaren erdigunean jarritako jokalekuan, Realeko jokalariek Eibarkoak eliminatu zituzten, eta bilbotarrek, Alavesekoak. Talde bakoitzeko ordezkariek posizio bana zuten jokoan, eta partidak streaming bidez jarraitu ahal izan zituzten zaletuek. Deportivo Alaveseko Gaizka Toquero eta Manu García eta Athleticeko Iñaki Williams eta Ager Aketxe futbolariak aurrez aurrekoaren lekuko izan ziren.

twitter facebook flickr youtube