A+ A A-

6.000 informatika-zalek hartuko dute parte historiako Euskal Encounter azkarrenean

Informatikaren eta teknologia berrien 6.000 zaletu bertaratu dira Barakaldoko BECera, Euskal Encounter 23 topaketan parte hartzera. Inoiz baino azkarragoa izango da euskal partya, segundoko 40 Gb simetrikoko internet-konexioari esker. Uztailaren 26ra arte abian izango den ekimen informatikoa Hego Europako handiena da eta mundu osoan konektibitate prestazio onenak eskaintzen dituen bilkuren artean dago.

Eusko Jaurlaritzaren (SPRIren bitartez) eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, Euskaltel Konektak antolatu eta babestutako party teknologikoak 52 hitzaldi eta tailer eta 73 lehiaketa hartuko ditu barne, arte digital, software libre, hardware eta bideojoko arloetan. Parte-hartzaileek informatikaren alor oso desberdinetan dituzten gaitasunak erakusteko aukera izango dute, baita ezagutzak partekatzeko ere. Izan ere, egitasmo hau enpresa-ekimen teknologikoak bultzatzeko plataforma bilakatu da.

Inaugurazio ekitaldian, Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun sailburuorde Estibaliz Hernáezek jakinarazi du euskal informatika-festa handia Exekutibo autonomikoak teknologia berrien alde egiten duen apustuaren barne dagoela. "Basque Country marka nazioartean zabaltzeko" funtsezko ekimena dela ere erantsi du. Parte-hartzaile guztiak topaketaz gozatzera animatu eta prestakuntza-eskaintza aprobetxatzera gonbidatu ditu.

Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiko Bizkaiko Behatokiko zuzendari nagusi Maitane Leizaolak azpimarratu duenez, Euskal Encounter asko garatu da, eta teknologia berriek gure gizartean izan duten hazkunde etengabearen isla da. Leizaolaren hitzetan, "eten digitala gero eta txikiagoa da", eta euskal partyak IKTen ezagutza eta erabilera demokratizatzen laguntzen du urtero. Bestalde, baieztatu du "batzuen ustetan Internetek banandu egiten gaituela", eta pentsaera hori "aldatu" egin behar dugula adierazi du, sarea "pertsonen eta administrazioen arteko hartu-emana naturalagoa" bihurtzeko bide bilakatu dadin.

Euskalteleko presidente Alberto García Erauzkinek Sabino San Vicente eta bere lantaldea zoriondu du, urte osoan egindako lan gogorrarengatik eta, "23 urte pasata ere, Euskal Encounter arrakastatsua izan dadin" bermatzen baitute. Halaber, horrelako ekimenei "konpromiso partekatutik" babesa ematearen garrantzia azpimarratu du, gizarte, erakunde eta enpresa arloetatik; izan ere, "teknologia berrien mundu hau, guztion etorkizuna da", esan du.

Azkenik, Euskaltel Konekta Fundazioko zuzendari Nerea Lupardok nabarmendu du Euskal Encounter handitzeko erronka dagoela, bai parte-hartze mailari eta bai konektibitateari dagokienez. "Ahalik eta pertsona gehienek munduko konexio-abiadura azkarrenaz goza dezaten nahi dugu, eta formakuntza-jarduera, joko nahiz lehiaketa eskaintza hobetzeko lanean jarraituko dugu". 

twitter facebook flickr youtube