A+ A A-

Interneteko konexio-abiadura bikoiztuko dute Euskal Encounter 23an, segundoko 40 giga eskaintzeko

Espainiar Estatuko informatika eta bideojoko zaletuen topaketa handi eta zaharrena da Euskal Encounter 23, eta munduko azkarrenetarikoa da orain. Euskaltelen teknologiari esker, Interneteko konexio-abiadura bikoiztu egingo dute aurten, erabiltzaileek banda zabal gehiago izan eta online nabigatu eta jolasteko erosotasun gehiago eduki dezaten.

Vista general Euskal Encounter 22Gainera, Europako party zaharrenetarikoa da Euskal Encounter 23, eta marka berriak hausten ditu urtetik urtera. Ordu eta erdi baino gutxiago behar izan dituzte aurten zaletuek 4.096 eserlekuak betetzeko. Iazko errekorra oso nabarmen gainditu dute, lau ordu behar izan baitzituzten 22. ordenagailu-festan.

Uztailaren 23 eta 26 artean Bilbao Exhibition Centren egingo den topaketak elkarren artean konektatutako 4.096 ordenagailu-sare erraldoia izango du, 35.000 metro koadroko azalera batean. Lau egunetan zehar, etenik gabeko jarduera izango da, dozenaka ekintza eta lehiaketarekin.

Hori da, zehazki, gizartearekin, pertsonekin eta haien ideiekin konektatzeko helburua duen Euskaltel Konekta fundazioaren xede nagusietarikoa. IKTen erabileraren testuinguruan, pertsonen, enpresen eta ekimenen arteko hartu-emana sortu eta sustatzeko helburuarekin, kolektibo ezberdinei zuzendutako ekintza ugari antolatu eta sustatzen ditu. Jende gehien mobilizatzen duen ekitaldietako bat da Euskal Encounter, dibertsioa, kolaborazioa, formakuntza eta ekintzailetza bateratzen dituen ekimena.


Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren (SPRIren bitartez) diru-laguntza eta babesari esker antolatutako egitasmoa da hau. Aurten, publikoari irekitako hitzaldi egitarau zabala izango da, gai anitzekin: domotika, 3D inprimagailuak, txikiei zuzenduriko robotika; bideojokoak eta hezkuntza; hegaldi profesionalaren simulazioa; edo merkataritza elektronikoaren lege-betebeharrak.

Era berean, ekintzaile teknologikoei zuzendutako prestakuntza-jarduerak izango dira, euren proiektuak martxan jarri ditzaten laguntzeko. Izan ere, Euskal Encounter, 23 urteotan, enpresa eta negozio-ekimen askoren hazitegi bilakatu da, networking-aren eta partaideen artean sortutako harremanen bitartez.

Lehiaketen eta aisialdiaren atalean, Euskaltel Gaztea Kopa jokatuko da, online eta presentzialki, FIFA 15 bideojokoaren inguruan. Futbol Profesionaleko Ligaren barne gogokoen duten euskal talderen alde jokatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek. Bilboko Athletic Kluba, Real Sociedad, Eibar Kirol Elkartea eta Deportivo Alavés taldeetako zaleek hartuko dute parte norgehiagokan. Hasierako faseko klasifikatuak, talde bakoitzeko 12 jokalari onenak, aurrez aurre arituko dira partyan bertan jokatuko den final handian.

Partaideen interesa piztu duen beste nobedade bat Occulus Survival Horror Experience izango da. Errealitate birtualeko betaurrekoen bitartez, esperientzia 'ikaragarria' bizi ahal izango dute bertaratzen direnek, 'alien isolation'-en eskutik.

twitter facebook flickr youtube