Albisteak

A+ A A-

Lehen Hezkuntzan robotika eta programazioa derrigorrezko ikasgaiak izatea aldarrikatu dute teknologia adituek

Robotika eta programazioa Lehen Hezkuntzan derrigorrezko ikasgaiak izatea "oso garrantzizkoa" dela aldarrikatu dute Euskal Encounter informatika-topaketan parte hartu duten adituek. Camp Tecnológico enpresako zuzendari Jesús Ángel Bravok erakunde, enpresa eta hezkuntza arloen arteko elkarlana beharrezkoa dela nabarmendu du, eraldaketa teknologikoaren beharrei erantzuna eman ahal izateko. "Datozen bost urteetan asko dago jokoan", azpimarratu du.

Irakasleen prestakuntza lantzea ezinbestekoa deritzo, baita eskolen ekipamenduan inbertitzea ere. Adibidez, aurten programazio eta robotika irakasgaia ezarri dute Erresuma Batuko eskoletan, Lehen Hezkuntzatik hasita. Apustu transbertsala egin dute hezkuntza-sistema osoan, gainerako ikasgaietan elementu digitalak barneratu baitituzte.

Camp Tecnológico 2011n jaio zen, txikitatik teknologiara gerturatzeko aukera emateko. Orduz geroztik, 10.000 ikasle pasa dira euren geletatik, baina asko dago egiteke", onartu du Bravok. Eskarmentu handiko aditu honek iragarri duenez, "eraldaketa digitala izugarria izango da hurrengo urteetan, teknologiaren garapena gero eta azkarragoa baita". Erronka hori, baina, ez da soilik hezkuntza-mundura mugatzen: bere esanetan, "inbertsio minimoa" egin beharko litzateke lehenbailehen, eta "udalak, industria, ekimen pribatua eta 'maker' mugimendua inplikatu". Azken sektore horrek "hazteko ahalmen handia" duela gaineratu du.

ERRONKA KOLEKTIBOA

Inven enpresako Victor Pardok  'Kontrol sistemak eta robotika' ikasgaia irakasten du Kantabriako Bigarren Hezkuntzako hainbat heziketa-zentrotan. Euskal Encounter topaketan eskaini duen hitzaldian azaldu duenez, edozein lanbidetan ezagutza teknologikoa beharrezkoa izango da etorkizun hurbilean, taldeko lanean eremu ezberdinetako espezialistekin aritzeko.

Pardoren ustez, gero eta robot edo gailu gehiago erabili ahalko ditugu nola funtzionatzen duten jakin gabe, horien erabilpena errazten ari baitira. Horregatik, erabiltzaile inteligenteak izan beharrean, teknologia adimentsuaren erabiltzaile izatera mugatzeak dakarren arriskuaz ohartarazi du. "Horrek eten teknologikoa eragin dezake etorkizunean", bere aburuz. Egoera hori saihesteko, haurrei "inguratzen dieten gauzek nola dabiltzan azaltzen" hasi beharko ginateke.  

Gainera, garapen teknologikoak ikasketa erritmoa areagotzera eta eskoletan teknologia berrien heziketa lehenago hastera behartzen du: "Ezin gara  20 urterekin hasi formakuntzarekin, ez baikenuke egunean jartzeko denborarik izango".

Hala ere, oztopo nabarmenen artean irakasleen heziketa falta dago. Bere esanetan, eguneratzeko denborarik ez dute, eta une honetan unibertsitateetan irakasten ari direna haurrei azaltzeko gaitasunik ere ez daukate. "Haurrak makinen lengoaia ikasteko ahalmena dutela aprobetxatu behar dugu", gomendatu du. "Denak programatzaileak izango ez badira ere, ingurua ezagutu beharko lukete, teknologia gure kulturaren parte baita".

HACKATHON

Hamar komunikabidetako lantaldeak norgehiagokan aritu dira Euskal Encounterren, bi egunetan hedabide berri baten edo komunikabide batekin loturiko funtzionalitate baten proiektua sortzeko. Diario de Navarra egunkariko kazetaritza-berrikuntza laborategia, DN Lab, izan da garaile, eta 1.000 euroko saria eskuratu du Open Data Euskadiren eskutik. 'Hackathon' honetako parte-hartzaileen artean, EiTB, Onda Vasca eta Sustatu komunikabideetako kazetari nahiz programatzaileak izan dira, besteak beste.

Euren ideiaren kontzeptua landu, prototipoak garatu eta hedatu egin behar izan dituzte, proiektuaren 'betatester'-ak lortu ahal izateko. Halaber, komunikabide digitaletako adituen zenbait master class izan dituzte. Hizlari gisa hartu dute parte Vocento taldean 'Innovation Director' kargua duen Borja Bergarechek, Agoranews-eko fundatzaile Jaime Estévezek eta The Blackout Proyect ekimenaren fundatzaile Aletxu Echevarríak.

twitter facebook flickr youtube