Albisteak

A+ A A-

"Euskal Encounter munduko lan-party azkarrenetarikoa da"

 

 

  • Interneteko konexio-abiadura itzelak (segundoko 40 Gb simetriko), 6.000 parte-hartzaileek eta milaka bisitariek nazioarteko informatika-topaketa garrantzitsuenetarikoen artean kokatu dute Euskal Encounter
  • Egun, Europa hegoaldeko bilkura handiena da eta, eskaeraren igoera dela eta, hurrengo urtean partyaren tamaina handitzeko lan egingo dutela iragarri dute antolatzaileek
  • Hitzordua uztailaren 23 eta 26 artean gauzatuko da Barakaldoko BECen, Euskaltel Konekta fundazioarekin eskutik eta Eusko Jaurlaritzaren (SPRIren bitartez) nahiz Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin
  • “Screening Ideas” da aurtengo leloa, eta 'screen' hitzaren esanahiak uztartzen ditu: Euskal Encounterren piztuko diren pantailen bidez ideien garapena bultzatzeaz gain, lau egunetan zehar sortuko diren proiektu eta ekimenen "hautaketa" egin eta horiek "babestea" da partyaren filosofia

 

Euskal Encounter 23, Europa hegoaldeko informatika eta teknologia berrien zaletuen topaketa handiena izateaz gain, "munduko azkarrenetarikoa" da orain, Sabino San Vicente Euskaltel Konekta fundazioko arduradun eta partyko antolatzaileak baieztatu duenez gaur Bilbon egindako aurkezpen prentsaurrekoan. Euskaltelek eskaintzen duen konexio-abiadura itzelak -segundoko 40 Gb simetriko (datuen igoerarako 40 giga eta jaitsierarako beste 40) -, 6.000 parte-hartzaileek, milaka bisitariek eta jarduera-eskaintza zabalak erreferentziazko bilkura bilakatu dute nazioartean. Hitzordua uztailaren 23 eta 26 artean egingo da Barakaldoko BECen, Euskaltel Konekta Fundazioaren eskutik, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren zein Eusko Jaurlaritzaren (SPRIren bitartez) laguntzarekin.

Abantaila teknikoek eta ekintza zein lehiaketa eskaintza zabalak erakargarritasun handia eman diote Euskal Encounterri. Agerikoa da hori, aurten lortutako parte-hartze errekorra dela eta: 4.096 ordenagailu postuak izugarrizko abiaduran erreserbatu dituzte partaideek, "soilik sei minututan", jakinarazi du San Vicentek. "Izen-emate epea ireki eta ordu erdira itxi egin behar izan genuen, itxarote-zerrendan 1.000tik gora pertsona baikenituen. Zifra horrek etorkizuna birplanteatzera garamatza". Partyaren antolatzaileek iragarri dutenez, eskaeraren igoera horri erantzunez, Euskaltel Konektak hurrengo urtean plaza gehiago eskaintzeko asmoa du. Euskal Encounterrek nazioartean duen presentzia areagotuko luke zabalkuntza-proiektuak, eta munduko ekitaldi garrantzitsuenen artean duen lekua sendotuko luke.

Euskalteleko Nazioarteko Harremanen eta Euskaltel Konekta Fundazioaren zuzendari Nerea Lupardok azpimarratu du Euskal Encounter markak gainditzen jarraitzen duela. "Party askorentzat eredugarriak gara; euskal ekitaldia imitatzen saiatzen dira antolakuntzari eta abiadurari dagokionean". Euskaltel Konektak Euskal Encounterren alde egiten duen apustu sendoa aipatu du, Fundazioaren helburu nagusietarikoak erdiesten laguntzen baitu: "informazio eta komunikazio teknologien erabilera demokratizatzea eta gizarte kohesionatuagoa lortzea".

FORMAKUNTZA ESKAINTZA ZABALENA

Euskal Encounterreko beste nobedadeetako bat prestakuntza-eskaintzaren aldeko apustua da: “inoiz baino zabalagoa” izango da, argitu du Sabino San Vicentek. Publikoari irekia dagoen eremuan, Opengunen, doako hitzaldi eta tailer ugari egongo da, gai anitzekoak; besteak beste, sektore teknologikoan ekintzaile izatea, gamifikazioa, haririk gabeko sareen segurtasuna, domotika, robotika, 3Dan inprimatzea edo bideojokoen erabilera hezkuntzan.

Eusko Jaurlaritzaren menpe dagoen SPRI sozietate publikoak profesionalei, ekintzaileei eta publikoari zuzendutako hitzaldi eta lantegi askoren antolakuntzan lagundu du, Enpresa Digitalaren bidez. Aitor Cobanerak, SPRIko Berrikuntza eta Teknologia saileko zuzendariak, doako ekintza horietan parte hartzera animatu du jendea eta Gobernu autonomikoak Euskal Encounter ekimenarekin duen konpromisoa bermatu du, “lehiakortasuna bultzatzen duten IKTen aldeko apustua egiten duelako eta ezagutzen elkartrukea nahiz enpresa-proiektu berrien sorrera sustatzen dituelako”.

Maitane Leizolak, Bizkaiko Foru Aldundiko Bizkaiko Behatokiaren zuzendari nagusiak, onartu du “23 urteko historia ez dela kasualitatez betetzen”, eta Euskal Encounter ekimenak bizi izan duen garapenaren atzean “ideia sendoak eta pertsona oso konprometituak" daudela. Leizaolak Euskalteli eskerrak eman dizkio, egin duen apustu teknologiko handiagatik; eta Sabino San Vicenteren langile eta boluntario taldea ere aintzat hartu du, topaketa prestatzeko urte osoa buru-belarri pasa baitute.

Euskal Encounterrek dozenaka jarduera izango ditu, arte digitala, software librea, hadware-a eta bideojokoak bezalako arloetan. Jokoen alorrean inoiz baino lehiaketako gehiago izango dira, 20tik gora; hau da, Estatuko beste edozein partytan baino gehiago. Izan ere, gai hori da interes gehien pizten duen atala, partaideen %80k jokoren batean parte-hartzen baitu.

twitter facebook flickr youtube